2008/12/19

ABENDUAREN 19an GABON JAIA OSPATU DA IKASTOLAN GIRO ALAIAN ETA ILUSIO HANDIZ


.........Abendualdiak eskatzen duen moduan, ilusioa eta poza izan dira nagusi ekitaldian. Ikasle guztien partaidetzarekin jaiotza osatu da eta talde bakoitzak bere itxaropenak esaldi baten bildu ditu. Ondoren ikastolako txikien dantza taldeak euren ekitaldia eskaini du dantza eta danbor erritmoz. Jarraian gabon kantak entzuteko eta estilo ezberdinetako dantzak ikusteko aukera izan dugu. Dantza taldeko nagusienek ere kolorea jarri diote jaialdiari. Eta azkenik, denok espero genuena etorri zaigu: gure Olentzero traktorean intxaur, polboroi eta txokolatinakin; baita otzara eder batzuekin ikasle guztien eskariak jasotzeko.

OLENTZEROREN LAGUNTZAILEETAKO BAT HELDU DA IKASTOLARA HAUR HEZKUNTZAKO UMEEKIN EGOTEKO


Gaur, abenduaren 19an Olentzerok eta Mari Dominginek bisita egin diete Haur Hezkuntzako umeei. Ikastolako txistulariek egin die harrera, eta ondoren umetxoekin elkartu dira eurekin batera abesteko, gozokiak banatzeko eta eskutitzak jasotzeko.

2008/12/18

ESKALATZEN KIROLDEGIAN

Gure DBHko ikasleek lantzen dituzten kirol ezberdinen artean eskalada dago. DBH 2. mailako ikasleek eskalada munduan ematen dituzten lehenengo pausuak ariketa erraz eta familiarizazio jokuen bidez egiten dituzte, baina DBH 3 eta 4. mailakoak aurrera pausua ematen dute eta ekintza konplexuagoak lantzen dituzte, eskalada errealarekin lotuta dauden ekintzak hain zuzen ere: materialaren ezagupena (arnesak, Gri-Gria, sokak, etab), bide baten prestaketa, eskalatzea eta aseguratzea. Azken honek, aseguratzeak, duen garrantzia eta ardura ulertaraztea da helburu nagusienetariko.

Gernikako ADES espeleologia taldeak antolatu zuen rappela Ogoñon nahi baduzue ikusi klikatu hemen.

2008/12/17

GABON POSTALA







Urtero legez, gure ikasleok fin ibili dira gabon postala diseinatzeko. Oraingoan, HHkoak arduratu dira lanaz eta oso lan ederrak egin dituzte benetan. Ez da erreza izan bat aukeratzea! Azkenean, HH5. mailako Gorka Zabala Arazosaren irudia aukeratu dugu.

Zorionak zuri Gorka eta parte hartu duzuen guztioi!

GABON BEZPERA ELKARREKIN


............Abenduaren 11n, pilo bat lagun batu ginen iluntzeko 7etan Lizeo Antzokian Gabon Bezperako jaialdia ospatzeko. Bertan ume eta famili asko elkartu ginen ilusio eta urduritasuna nagusi izanik. Egitaraua hau izan zen: Txistulariak, “Marimorena” antzerkia L.H.ko 1. 51 umek eginda, dantzariak, “Jakintsuen Herria” antzerkia 2. maila batek, Ikastolako korua, dantzariak, “Benetako Gabonak” antzerkia beste 2.mailak egindakoa, denok batera abestu eta listo.

............Bertan egon ginenok oso pozik atera ginen handik, Gabon giroz blai eginda eta den-denei eskerrak emanez. Merezi du elkarrekin jaiak egitea!

2008/12/16

MULTIKIROLETAKO TOPAKETA SAN FIDEL IKASTOLAK ANTOLATUTA

Abenduaren 14an, ikastolak antolatu zuen kirol topaketa gure ikastola eta beste hiru ikastolako ikasleen partaidetzarekin. Astero-astero ikastolan multikiroletan aritzen diren lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek parte hartu zuten Saskibaloiko hainbat jokutan.

Topaketa hauen helburua da ikasleen motibazioa areagotzea , parte hartzea eta elkarrekin une atsegin bat pasatzea.

Ostean, hamaiketako bat izan zuten bai ikasleek eta bai gurasoek. Eskerrak ikastolako Guraso Elkarteari, monitoreei, guraso eta ikasleei.

GURASOEN ASANBLADA IZAN ZEN JOAN DEN ABENDUAREN 11N

Guraso Elkartearen Lehendakariak aurreko ikasturteko balantze ekonomikoari buruzko informazioa eman zuen eta aurtongo ikasturtean eskolaz kanpoko ekintza moduan dugun eskaintza eta partaidetzari buruzko datuak ere bai.

Beste alde batetik ,zuzendariak gurasoen asetasuna dela-eta, azken urteetako inkesten emaitzak zabaldu zituen eta horrekin batera egindako eta aurreikusita dauden hobekuntzak komunikatu zituen.

Nahi izanez gero, eskura duzue batzarrean eman zen informazioren laburpena hemen. (klik egin)

2008/12/12

ARTE, UNIBERTSO ETA TEKNOLOGIA

.....Abenduaren 10ean, San Fidel Ikastolako DBH 3ko ikasleak Chillida Lekura eta Miramonera joateko aukera izan genuen. Lehenik, Chillida Lekura joan ginen. Bertan, Chillidaren artelan desberdinak ikusi genituen. Horretako batzuk, aire zabalean daude, parke antzeko baten, beste batzuk, berriz, baserrian. Bertatik gehien gustatu zitzaiguna, obrek naturarekin duten harmonia da.

.....Ondoren, Miramonera joan ginen. Lehendabizi, planetarium batean izan ginen, zeinetan Lurrari, Eguzkiari eta konstelazioei buruzko informazioa jaso genuen. Gero, elektrizitateari buruzko erakusketa baten izan ginen, non elektrizitateko kontzeptu eta teoria batzuk ikasi genituen tresna desberdinak erabiliz. Azkenik, Miramoneko beste tresnak ikusi eta esperimentatu genituen.

.....Aipatutako guztiagatik, nabari da oso egun ona izan genuela, nahiz eta egun hotza izan.

..................................Naroa Lauzirika ( DBH 3. mailako ikaslea)


...................Argazki gehiago ikusteko klikatu hemen

2008/12/10

DBH 2. mailak Peñas Negrasen


Azaroaren 13an eta 20an, Ikastolako DBH 2A eta 2Bko ikasleok eta zenbait irakasle Arboledara joan ginen.
Bertan, aintzinako burdin meategiei buruzko azalpenak entzuteko eta ibilbidea egiteko aukera izan genuen.
Hamaiketakotxoa egin ondoren, mendian gorantz abiatu, "laberinto" izenez ezagutzen dena gurutzatu eta azkenik Peñas Negras Interpretazio Zentruraino heldu ginen.
Jan eta gero bisitatu genuen Interpretazio zentru hau.
Eguraldi euritsua izan bazen ere, egin beharreko guztiak egin genituen (barre galantak ere!)

.................Argazki geihago ikusteko klikatu hemen

2008/12/09

MUNDUKO GATAZKEN ERAKUSKETA IBILTARIA SAN FIDEL IKASTOLAN

Abenduaren 1 eta 2an, Bizkaiko hainbat derritan egondako erakusketa ibiltaria ikusteko aukera izan zuten DBHko zenbait ikaslek. Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak eta beste bi erakundek antolatua izan zen eta monitore batek azaldutakoa.

Ekintza honen helburu nagusietako bat izan da gazteei antzinako guda, arazo eta gatazkei buruzko informazioa ematea. Alde batetik, Errusiak eta Estatu Batuek izandako gerrak, kolonizazioa …. Bestetik, emakumeak lehen eta oraindik ere leku batzuetan bizitako diskriminazioa, gaixotasunek sorturiko arazoak ….

Beste helburu nagusi bat izan da gazteak gaur eguneko arazoez ohartaraztea eta horien aurka zerbait egin behar dela konturaraztea. Horretarako datu esanguratsuak agertu ziren: armetan gastatzen den diruaren laurdenarekin munduko pobrezia deusezta daitekeela; multinazional askok irabazten duten dirua zenbait lurraldetako Barne Produktu Gordina baino gehiago dela…

Guzti honekin agertu nahi da munduko gatazkak hor daudela baina guk ere zerbait egin dezakegula. Esate baterako, kanpainak egin eta beraietan parte hartu ….