2011/06/23

“ALCOHÓLICOS ANÓNIMOS” TALDEKOEKIN


Drogomenpekotasuna zer den ulertzeko “Alcohólicos Anónimos” taldeko hiru pertsona izan genituen ikastolan. Euren esperientzia entzuteko aukera izan zuten DBH 3 eta 4. mailako ikasleek.

DBH 4. MAILAKOAK EGOERA EZBERDINAK EZAGUTZEN

Ekainaren 21ean Kaltzada egoitzara, Torre Zuri egoitzara eta Gorabidera joan ginen DBH 4. mailako ikasleekin, Gernikan berton ditugun beste egoera batzuk hurbiletik ezagutzeko asmoz.

DBH 1. MAILAKOAK TORRE ZURI EGOITZAN

Joan den ekainaren 6 eta 7an, ikasle hauek adinekoekin elkarbizitza esperientzia izan zuten. Adin ezberdineko belaunaldiak hurbiltzeko asmoz goiz bateko esperientzia bizi izan zuten.

2011/06/22

DBH 4.MAILAKO IKASLEEN AGURRA

Gaur, geure bizitzako etapa berezi baten amaiera ospatzen dugu. Orain arte gurekin egon diren eta bidaia luze honetan lagundu diguten lagun eta irakasleak agurtzeko ordua. Geure gogoan daukagu, ikastola honetara heldu ginen unea, sentitzen genuen zirrara eta urduritasuna. Azkenik, gela batetan sartu eta beste haur batzuekin batera eseri gintuzten. Orduan ez genekien zelako momentu onak igaroko genituen adiskide haiekin urte guzti hauetan zehar. Gelakide batzuk joan egin ziren, beste batzuk etortzen ziren bitartean. Era berean, hainbat irakasle izan ditugu, denak desberdinak eta ahaztezinak. Irakurtzen eta idazten irakatsi zigutenak, matematikekin lagundu zigutenak, kirola eginez dibertitzen irakatsi zigutenak, musikaren munduan sartu gintuztenak, geure hizkuntza eder hau zein beste asko irakatsi zigutenak…denetaz gogoratuko gara beraien ardura eta dedikazioagatik. Arraroa izango da goizeko 9etan ez ikustea bata bestea San Fidel Ikastola aurrean, baina badakigu hasten den guztia amaitzen dela, beraz hau atzean utzi eta aurrera jarraitu behar dugu. Gaurtik aurrera geure begirada beste horizonte batzuetarantz zuzenduta dago. Guztiok batera jarraitu izan dugun bidea bidegurutze batera heldu da eta bakoitzak bere aldetik jarraituko du. Denborak aurrera egin du eta jadanik ez gara gurasoen eskutik ikastolara etortzen ziren umetxoak, oraindik ametsez beteriko ibilbide luzea daukagu bizitzearren baina orain badakigu amestearekin ez dela nahikoa lan egin behar dugula nahi duguna lortzeko. Eskerrik asko San Fidel Ikastola hemen sortu diren adiskidetasunengatik eta betirako ikasita eramango ditugun gauzengatik.

AMAIAREN AGURRA

Lehen Hezkuntza 1.mailako andereño Amaiak ikasleak agurtu ditu .Ikasleek txokolatada eta jolasak eduki zituzten.

EL KARPIN ETA POZALAGUA

Lehen Hezkuntza 3 eta 4. mailako ikasleak El Karpin eta Pozalaguako kobazuloak ikustera joan ziren. Goizaldean Karpineko animaliak ikusten ibili ziren, ondoren bazkaldu eta kobazuloetara abiatu ziren. Egun ederra igaro zuten!

LHko 5 eta 6.MAILAKO IKASLEAK EL POBALEKO BURDINOLAN


Ekainaren 17an, LHko 5 eta 6.mailako ikasleak, El Pobaleko burdinolara joan ziren. Hara joan aurretik La Arena hondartzara abiatu ginen, han hamaiketakoa hartzeko eta hankak luzatzeko asmoarekin. Ondo pasatu zuten bertan egon ginen denbora laburrean.

El Pobaleko burdinolara abiatu ginen ostean. Barrura sartu aurretik urtegirantz egin genuen eta gero taldeko argazkiak atera genituen banbuen baso aurrean. Banbuen baso hau Bizkaian dagoen bakarra da. Egia esan, museoaren ingurua aparta da zuhaitz mota ezberdin asko dagoelako.

Jateko orduan Santurtzirantz egin genuen eta han zibuak eta dauden parkean geratu ginen etxera etorteko ordua egin arte.

Egun ederra pasatu zuten ikasleek eta hori garrantzitsuena. Datorren urterarte ez dago azken txangorik, baina ordurako, gero eta gutxiago falta da. Animo eta ondo izan!

2011/06/17

IZOTZEAN PATINATZEN!

DBH 1. mailako gure ikasle trebeak patinatzeko gaitasun itzela agertu zuten joan den ekainaren 10ean Donostian. Miraria badirudi ere, hasiera-hasieratik profesionalak bezala aritu ziren. Eta hain onak izanik, zelan ez, lehian aritu ziren lasterketak eta jokoak eginez. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, merezi izan zuen joateak.

2011/06/10

GOIZA EURITSU, ARRATSALDEA EGUZKITSU

Horrela labur dezakegu joan den astelehenean, ekainak 6, Gorlizera joan ginenok izan genuen eguraldia. Dena den, primeran pasatu genuen piraguan, kars eta arku-tiroketan eta arratsalde parterako hondartzan jan eta ausartenek bainutxo bat hartu zuten, besteok atsedena hartu eta oinak beratzen jartzen genituen bitartean.

2011/06/08

2010-2011 IKASTURTEARI AGURRA


Urtero bezala, joan den ekainaren 4an ospatu genuen Ikastolako jaia guraso, ikasle eta irakasleon artean. Egunak eman zuen hainbat ekintza egiteko eta parte hartu zutenak gustora eta gogoz aritu ziren: txistularien kalejira Gernikako kaleetatik, herri-kirolak, euskal dantzak, tonbola, herri-bazkaria, ikuskizunak, sarien zozketa eta amaierako dantzaldia. Arratsaldez umeentzako puzgarriak eta quads. Primeran ibili ginen!

LHko 1. ZIKLOKO TXANGOA


“Zein ondo pasatu dugun!” Hau izan zen txangoa egin ondoren umeengandik hartu genuen mezua.

Dena hasi zen goizeko 9:30ean Gernikatik Santurtzira abiatu ginenean; herriko parkera heldu eta: Aupa!!! Jolas leku eder bat. Eta jolastu, eta jan, eta jolastu eta jan….

Gero Santurtzitik Portugaletera oinez joan ginen; txalupak, ahateen etxeak uretan, itsasontzi ezberdinak… eta halako batean Bizkaiko Zubiaren aurrean aurkitu ginen. Hango bazteartekoan sartu eta beste aldera!. Berriro jan, edan, jolastu… eta autobusa hartu ondoren Akerlandara ailegatu ginen.

Leku ederra benetan! Izugarrizko landa bat arbolekin, jesarlekuak, mahaiak, iturria, txiringitoa, komunak ugari eta onena, eguraldia. Egun eguzkitsua. Jolastu, jolastu asko, erropa zikindu, disfrutatu eta 5:30erako etxera. Benetan zein egun ederra!

2011/06/02

SUKARRIETA

Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleak primeran dabiltza Sukarrietan . Bi taldetan banatuta daude batzuk Itsasadarra lantzen ibili dira eta beste batzuk lurra proiektuen dabiltza jo eta ke lanean .

2011/06/01

SANTANAPE 2011 – DANTZA ERAKUSTALDIA

Joan den barikuan, maiatzaren 27an, Ikastolako dantza taldeko umeek dantzen erakustaldia eskaini ziguten Santanapeko frontoian. Aurtengo saioan ehun bat umek parte hartu zuten eta gaur egungo musika erabiliz, ohizko dantzetatik atera ziren koreografia ezberdinak : “Hiru txito”, “”Esku dantza”, “Saragi dantza”, Sorgin danta”… eta “Euskal txotisa”. Umeak primeran egon ziren eta euskal giro alaia eta hunkigarriak harrapatu gintuen denok.