2012/02/28

KIROLA ETA DIBERTSIOA IKASTOLA ARTEKO TOPAKETAN



Urtero bezala, joan den otsailaren 26an, ikastolan antolatu genuen Ikastola arteko kirol topaketa. San Fidel, Seber Altube, Zornotzako ikastola eta Lekeitiko ikastolako Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako 80 ume inguruk parte hartu zuten Herri Kiroletako jokoetan: saku lasterketak, soka-tira, txinga-eroate….  . Domeka goiza lagun artean igarotzeko modu aproposa. Eta amaitzeko, zelan ez, hamaiketako ederra Guraso Elkarteak eskainita. 

2012/02/27

"IDAZLEAK IKASTETXEAN" PROGRAMAN PARTE HARTU DUTE DBH 3. MAILAKO IKASLEEK ETA MIREN AGUR MEABE IDAZLEAREKIN IZAN DUTE ELKARRIZKETA.

MIREN AGUR MEABE: "IDAZLE NAIZENETIK, NIRE BIZITZAREN PROTAGONISTA NAIZ ETA POZAGO SENTITZEN NAIZ".

Miren Agur Meabe Plaza Lekeition jaio zen 1962an.Irakasleentzako Euskal Filologiako Euskal Filologia  ikasketak egin zituen, eta Bilboko Kirikiño ikastolan hainbat urtez ibili zen lanean. Argitaletxe batean ere egin du lan, argitalpenen zuzendaritzan eta kudeaketan eta une honetan idazle lanetan ari da. Beste sari batzuen artean, aipatzekoa da Euskarazko Haur eta Gazte literaturako Euskadi sari bi irabazi  dituela  2002 eta 2011n eta Espainiako Kritika sari bi ere bai,  2001 eta 2011n.

- Zerk bultzatu zintuen idaztera?Zelan hasi zen zure idazteko zaletasuna?
- Txikitatik gustatzen zitzaidan idaztea eta arazoez eta ardurez libratzeko modu bat zen , horrela lasaitu egiten nintzen. Lagunak kiroletan jolastera joaten zirenean asteburuetan, ni etxean gelditzen nintzen idazten.
                        
- Liburuak irakurtzea gustoko izan duzu betidanik?
- Betidanik ez dut izan gustuko liburuak  irakurtzea . 13-14  urte nituenean biztu zitzaidan irakurtzeko grina. Lagun batek oparitu zidan liburu bat izan zen arrazoia. Liburu horrek haurtzarotik nerabezarora igarotzean asko lagundu zidan. Liburu horretan agertzen ziren ideia batzuk,  gero kontutan izan nituen Itsaslabarreko etxea liburua idazteko.

- Zein izan da zuretzat eman dizuten sari garrantzitsuena?
- Sari garrantzitsuena ikastoletara liburuei buruz hitz egiten joatea da, estimatua eta garrantzitsuagoa sentitzen naizelako,  horregatik ia egunero hartzen dut sari bat.

- Zertan hobetu da zure bizitza idazle zarenez geroztik?
- Idazle naizenez geroztik, nire bizitzaren protagonista naiz eta pozago sentitzen naiz.

-  Zein eragozpen izan dituzu bizitzan idazle izateagatik?
- Ez dut eragozpenik izan; alderantziz, idazle izateak ate asko zabaldu dizkit eta pertsona asko ezagutu ditut.

-Zer edo nor hartzen duzu inspiraziotzat liburu bat idazteko?
- Kapritxo bat da liburuak idaztea. Txispazo bat sortzen zait gorputzean eta hori gertatutakoan hasten naiz idazten. Liburu bat idazteko bizitzako egoerek ematen dizute abiapuntua eta horrez gain egoeren aurrean norberak duen   barruko egoerak ere badu zeresana.

- Badakigu olerkiak ere idazten dituzula nahiz eta guk ez ditugun irakurri. Baina zer duzu nahiago: olerkiak ala eleberriak?
- Zelan edo halan, biak behar ditut. Baina tristura uneetan gehiago hurbiltzen naiz olerkietara, sentimenduak bertan azaltzeko.

- Idatzi ahala zer gertatuko den asmatzen duzu edo aurretiz erabakita duzu?
- Ez dut jakiten zer gertatuko den. Burura etotzen zaidana idazten dut, itsu-itsuan joaten naiz baina batzuetan atzera egin behar dut berriz ondo  idazteko .

-Zein da zure tokirik gogokoena idazteko?
- Nire etxearen txoko batean dagoen egurrezko mahai bat da.Txikitatik nahiago nuen etxean idazten gelditzea kalera joatea baino eta mahai horretan ematen nituen orduak eta orduak.

- Identifikatzen zara Itsaslabarreko etxea liburuko  pertsonaia nagusiarekin?
Bai, Joanarekin identifikatzen naiz. Gainera, Joanak bezala,  gertatutako gauzak paper solteetan idazten nituen txikitatik.

-  Zergatik aukeratu zenuen amaiera tragiko hori aipatutako istoriorako?
- Hasieran Joana umea da eta zoriontsu izateko bidean doala,  nagusi egiten doa eta azkenean bizitzak jipoitu egiten du. Esperientzia horrek balio dio Joanari pertsona moduan helduago izateko, eta ume izateari uzteko. Bizitza horrelakoa da.

- Zergatik aukeratu zenuen 1.pertsonan idaztea?
- Konstante bat da nire liburuetan, horrela nire sentimenduak hobeto azaltzen ditudalako.

- Liburuko pertsonak deskribatzeko zure inguruko jendeaz baliatzen zara?
- Batzuetan bai, amumaren kasuan adibidez, nire amumaren izateko era kontutan izan nuen. Edo nire aita arrantzalea izatea. Kolore morea ere gustoso dut  oroitzapenak ekarten dizkidalako. 

- Urtebete itsasargian liburuan itsasargia sinbolo bat izan daiteke?Azal dezakezu?
- Bai, sinbolo bat da, bi gauzarena, hain zuzen ere. Alde batetik Euskal Herriaren sinboloa da, eta beste aldetik maitasunaren eta bakoitzaren bihotzaren sinboloa ; istorioan agertzen den moduan, Alejandrok itsasargiari Kattalin deitzen dio, bera Kattalinekin maiteminduta dagoelako.

-  Zergatik agertzen da liburu horretan ijito bat protagonismo apur batekin?
- Neska salbaje bat behar nuen Jonekin maitemintzeko. 13 urteko elementu salbajea. Baina Mirra ez da ijitoa, ijitoekin dago, baina ez dakigu ziur ijitoa den ala ez.

- Zergaitik erabaki zenuen euskaraz idaztea eta ez gazteleraz?
- Mundua ikusteko modu bat da literatura. Eta euskaraz idazten oso ondo sentitzen naiz. Nahiago dut euskaraz idaztea, sentimenduak hobeto adierazteko.Hizkuntza hau maite dut. Horrez gain badago arrazoi ekologikoa. Gutxi dira euskara hizkuntza hitz egiten dutenak eta horrelako hizkuntzak munduan galtzeko zorian daude. Ni hizkuntzen aniztasunaren aldekoa naizenez, uste dut euskaraz idatziz euskara bizi irautearen alde lan egiten dudala.

- Zein euskal idazle miresten duzu?  
- Joseba Sarrionaindia miresten dut. Eta Gazte literatura arloan, Mª Asun Landa.

- Idazten jarraitzeko asmoa duzu?Eta noiz arte?
- Idazteko asmoa dut ahal dudanera arte baina edozer gerta daiteke, ez dakigu aurrerantzean zer izango den gure bizimoduaz.Momentuz idazten segituko dut. Beste kontu bat da nire liburuak argitaratuko diren.

- Eta zein da buruan duzun hurrengo proiektua?
- Helduentzako eleberri bat nago idazten baina oso zaila egiten zait hizkera aldatu behar dudalako.Arrakasta izatea espero dut beste liburuek bezala.

- Gazteentzako idazten jarraituko duzu?
- Nik ez dakit zehatz-mehatz jarraituko dudan gazteentzako idazten,hori nire baitan dago.Nire barnetik irtetzen bazait, idatziko dut,baina orain lehen esan dizudan bezala helduentzako nobela bat ari naiz idazten.Baliteke berriro gogoa izatea gazteentzako idazteko.

-  Gustatuko litzaizuke zure ondorengoek zure pausoak jarraitzea?
- Berdin zait inork ez badu idazten baina norbaitek idazten jarraitzen badu  asko poztuko nintzateke. Nire 16 urteko semeak inoiz ez du izan idazteko grina  baina orain hasi da eta apur bat harrituta nago.Beti irakurri du asko baina ez du izan idazteko zaletasunik orain arte.

- Beno, ba, eskerrik asko zure denbora eskaintzeagatik eta hurrengo batean ere gurekin egotea espero dugu.
- Baita zuei ere. Ni ere oso gustora egon naiz. 

2012/02/22

INAUTERIAK


HH-ko umeak gelan prestaturiko mozorro jantziekin jolastorduan gozatzen, Inauteriei ongi etorria emateko zain.

2012/02/17

TXITXIBURDUNTZI


Euskalerriko ohiturak mantentzeko HHko umeek txitxiburduntzi ospatu dute eta inauteriei ongi etorria emateko prest daude.

2012/02/08

KANDELERIO HOTZA, NEGUAREN BIHOTZA


Esaerak dioen moduan, Kandelerio jaia ospatu genuen negu-neguko eguraldiarekin. Baina umeek ondo pasatu zuten: kandelak biztu, eskuak berotu eta abestu.

2012/02/06

2012 ko HEZEGUNEEN MUNDU MAILAKO EGUNA


Joan den astean, urtarrilaren  31n, DBH 3.mailako ikasle talde batekin Euskadiko Biodibertsitate Zentruko erakusketa (Madariaga Dorretxea) bisitatu eta gero, Urdaibaiko padura ekosistematik ibilaldi  bat egin genuen.

                     Ekintza hau, 2012ko Hezeguneen Mundu Mailako Eguna ospatzeko programaren barnean antolatutakoa da.