DBH 4.MAILAKO IKASLEEN AGURRA

Gaur, geure bizitzako etapa berezi baten amaiera ospatzen dugu. Orain arte gurekin egon diren eta bidaia luze honetan lagundu diguten lagun eta irakasleak agurtzeko ordua. Geure gogoan daukagu, ikastola honetara heldu ginen unea, sentitzen genuen zirrara eta urduritasuna. Azkenik, gela batetan sartu eta beste haur batzuekin batera eseri gintuzten. Orduan ez genekien zelako momentu onak igaroko genituen adiskide haiekin urte guzti hauetan zehar. Gelakide batzuk joan egin ziren, beste batzuk etortzen ziren bitartean. Era berean, hainbat irakasle izan ditugu, denak desberdinak eta ahaztezinak. Irakurtzen eta idazten irakatsi zigutenak, matematikekin lagundu zigutenak, kirola eginez dibertitzen irakatsi zigutenak, musikaren munduan sartu gintuztenak, geure hizkuntza eder hau zein beste asko irakatsi zigutenak…denetaz gogoratuko gara beraien ardura eta dedikazioagatik. Arraroa izango da goizeko 9etan ez ikustea bata bestea San Fidel Ikastola aurrean, baina badakigu hasten den guztia amaitzen dela, beraz hau atzean utzi eta aurrera jarraitu behar dugu. Gaurtik aurrera geure begirada beste horizonte batzuetarantz zuzenduta dago. Guztiok batera jarraitu izan dugun bidea bidegurutze batera heldu da eta bakoitzak bere aldetik jarraituko du. Denborak aurrera egin du eta jadanik ez gara gurasoen eskutik ikastolara etortzen ziren umetxoak, oraindik ametsez beteriko ibilbide luzea daukagu bizitzearren baina orain badakigu amestearekin ez dela nahikoa lan egin behar dugula nahi duguna lortzeko. Eskerrik asko San Fidel Ikastola hemen sortu diren adiskidetasunengatik eta betirako ikasita eramango ditugun gauzengatik.

Iruzkinak