EUSKARAREN ASTEA 2016

Datorren zapatuan, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Hori dela eta, programa zabala antolatu dugu ikastolan eta azaroaren 28tik abenduaren 2ra arte makina bat jarduera egingo dugu : ipuin kontalariak, kartelak irudikatu , euskarari buruzko bideoak ikusi eta gure konpromezuak idatzi, karaokeak, bertsolari saioak, Durangoko azoka bisitatu…
Barikuan, asteari amaiera emateko, kiroldegian batuko gara eta euskararen aldeko manifestua irakurri eta gero, ikastolako koruak abestuko du . Ostean , txokolatada egingo dugu eta etapa desberdinetako lanak ikusteko aukera izango dugu.

EUSKARAREN ALDEKO MANIFESTUA
Euskaraz bizi nahi dugu gure hizkuntza delako, euskaldun sentitzen garelako, euskaldunak garelako eta izaten jarraitu nahi dugulako. Euskara izateko modu bat delako eta IZAN nahi dugulako . Baina danon laguntza behar da IZATEKO, bakar batzuren ahalehinekin ezin izango gara urrunera joan.
Euskara kalera, plazara atera behar dugu; oraindik hazi egingo den etxeko haur txikia bezala babestu behar dugu .
Etorkizunean euskara IZATEA nahi badugu , albokoari edo kanpokoari galdetu beharrean, geure buruari galdetu beharko diogu: Nik zer egiten dut euskara plazara, dantzara ateratzeko?
Ez ahaztu: Euskararen herria, euskaraz gara. Ez dago beste biderik. Hori da gure erronka.
Plazara, Euskara
plazara!
Euskaldun irakasle
Eta ikasleok, dantzara!
Plazara, dantzara!
Geure herriaren
geroa baikara!

Iruzkinak